jueves, 28 de octubre de 2010

Txistua biziberritzeko nahia

- Amurrion sortu den Txistuzaleak ekimenaren bidez.
- Noizbait txistua jo eta berriro ere ekiteko gogoz daudenei zuzendua dago.
- Izena emateko epea azaroak 10 arte egongo da zabalik.


Txistua gure kulturako soinutresna berezko eta zaharrenetakoa da, gure historiari ertziki lotua. Dantza, jai, ospakizun,
tradizio eta musika emanaldietan presentzia haundia izan duena.
Hala izan da Amurrion ere. Argazki zaharrak behatuta, ugari ziren txistulariak herrian. Egun gainbera pairatu du musikatresna honek eta bere presentzia urritu egin da azken urteotan. Nahiz eta, Euskal Herriko txistu egile garrantzitsuenetako bat gurean izan, Amurrion txistua ez dago osasuntsu. Bestalde, baina, musikatresna honek bide berri asko ireki ditu modernizazioaren eta estilo aniztasunaren bidetik.

Testuinguru honetan Amurrioko Musika Eskolak txistua biziberritzeko nahian dabil. Modernizazioa eta tradizioaren (tradizio edo ohiturak etengabe berritzen direnak dira, modaz kanpo geratzen ez diren horiek, ez dira fosil mugiezinak) eskutik aire berriak ekartzeko lanetan dihardu. Horren erakusgarri iaz Amurrioko Jaietan galdua zegoen txistu kontzertua berreskuratu eta berritu izana, errepertorio ezohikoaz musikatresnaren aukera ezberdinak erakutsiz. Ekitaldi jendetsuan Bob Marley, Tito Puente, Pirritx eta Porrotx, euskal musika, irlandar musika... jo izan ziren bertaratuen harridura eta gozamenerako.

Bide honetatik Txistuzaleak ekimena aurkeztu da.
Egitasmo hau noizbait txistua jo eta berriro ere ekiteko gogoz daudenei zuzendua dago. Baita, oraindik jotzen dihardutenei taldean aritzeko aukera eskeintzeko. Asteazkenero, 20:00etan taldetxo bat biltzen gara Amurrioko Musika Eskolan txistua jotzeko bertako txistu irakaslearekin. Erritmoa, helburuak, maila.. norberak jartzen ditu, Txistuzaleak ekimenaren ezaugarria malgutasuna baita.

Iaz hainbat kalejira eta kontzertuetan partehartu zuten Musika Eskolako txistu ikasle eta ikasle ohiekin batera. Ekimen honetara bildu diren pertsonak txistuaren munduan bizipen ezberdinak izanik, esperientziak elkartrukatzeko aukera ederra sortzen da.

Txistuzaleak talde irekia denez, ikasturte berriarekin izena emateko aukera berriz zabaldu dugu. Azaroak 10 arte aukera izango da Amurrioko Musika Eskolan izena emateko, muxutruk (ez kuotaraik, ez matrikularik, erabat debalde). Gure helburua txistua joz ondo pasatzea da eta aldi berean gure soinutresna biziberritzea.

Informazio gehiago behar izatekotan: Amurrioko Musika Eskolakolara jo (telefonoa 945393187). Leer más...

No hay comentarios:

Publicar un comentario